jueves, 8 de diciembre de 2011

OKUPAZIO SAIAKERA ZARAMAGA

Gasteizko Zaramaga azoko Arte eta Ofiziozko eskola zaharra okupatu zuten asteartean bertako gazte asanbladako kideek, baina Ertzaintzak desalojatu egin zuen atzo, Arabako Diputazioak jarritako salaketa baten ostean epaileak eraikina husteko agindua emanda. 15 gazte izan ziren atxilotuak, denbora gutxira aske utzi bazituzten ere. “Justizia administrazioaren aurkako desobedientzia” leporatuta izango dira inputatuak, eta hauetako batzuk “aginteari desobedientzia” azaltzearren ere.
Zaramagako Gazte Asanbladaren okupazio oharra:

Ohartuko zineten bezala, gaur, abenduak 6, Zaramagako Arte eta Ofiziozko eskola zaharra okupatu dugu hainbat gaztek.

Azken urte honetan auzoan egindako lanketa baten ondoren, espero genuen emaitza lortu genuen: gazteok Zaramaga auzoan genituen aisialdirako proposamenak oso eskasak zirela, alegia. Ondorio horretara iristeko hainbat gune ezberdinetan aritu ginen lanean: hala nola, lonja, taberna eta ikastetxeetan. Denok interes berdinak genituela konturatu ginen; gure arteko harremana sakondu eta hobetu nahi genuen, uneoro lonjetan eta taberna zuloetan egon beharrik gabe. Guk beste aisialdi eredu baten beharra dugu, non gazte ezberdinek biltzeko aukera izango dugun, jarduera kulturalak antolatu eta haietaz gozatu ahal izando dugun.

Hala ere, gazteon aisialdi eredu alternatibo hori gauzatzeko espazio baten beharra ikusi genuen, lokal autogestionatu baten beharra. Eta zer hobeto, urteak hutsik daraman eta ordutik erabili gabe dagoen lokal bat berpiztu, berritu eta berrerabiltzea baino? Horrexegatik, aspaldian itxitako eskola hau autogestioaren bitartez biziberritzea pentsatu dugu: auzokide guztientzat ateak zabalik edukiko dituen espazio irekia, non gustu guztietarako tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, ikastaroak eta edozelako ekintza alternatiboak antolatzeko aukera izango den bertan.

Baina, sartu garen momentutik oztopo asko izan ditugu. Udaltzain eta ertzainen bisita amaigabeak jasan behar izan ditugu eta oso jarrera oldarkorrarekin gainera. Hainbat lagun identifikatu dituzte eta beste batzuk lokalaren barnean jarraitzen dute. Bestalde, lokala aurkitzen den kalea itxi egin dute guri pasatzea ekidituz.

Beraz, hemendik aurrera gertatzen denaren inguruan informatuta jarraitzeko eskatzen dizuegu.
GUZTION ARTEAN LORTUKO DUGU!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario