miércoles, 4 de enero de 2012

“Emakumeen egoera hobetzeko, emakumeen laguntza behar dugu”

Barakaldoko emakume gazteen taldea abian da jada. Atzo bildu ziren estreinako aldiz, San Bizente auzoan, herriko talde ezberdinetako hogeiren bat emakume elkartu zirelarik. Helburuak, guztien artean plangintza zehatz bat garatzea eta lan egiteko erak finkatzea. Oraindik ez daukate izenik, baina horrek ez ditu kexkatzen. Bai baina Barakaldon dagoen sexuen arteko parekidetasun eza, jai giroko musika sexista, emakume langilearen egoera lazgarria edota eraso sexistak.

Egoera horiek aldarazteko batu dira, hain zuzen ere. Emakumeen egoera hobetzeko elkarlana bide hoberena dela baitakite. “Ez dugu pertsona finko batzuez osatutako talderik nahi. Gure helburua Barakaldoko gazteria gugana hurbilaraztea da, herriko emakumeen egoera hobetzeko lan egitera hurbiltzea. Horretarako, emakume guztien laguntza beharrezkoa da”, nabarmendu zuten atzo bildutako emakume gazteek, HerriKoloreri egindako adierazpenetan.

Hasierako diagnostikoa uda baino lehen gazte mugimenduak egindako hausnarketa sakon baten fruitua da. Orain, helduberrien ekarpenekin aberastu eta lanean hasteko mementua heldu da. “Badakigu bide luzea izango dela, baina ez dugu amore emango”, jakinarazi zuten.

Izan ere, arazo larrienak, askotan, gure artean topatzen direla badakite. “Gizarte matxista oso baten bizi gara. Hala ere, sarritan, konturatu barik, horrelako jarrerak erakusten ditugunok gu geu gara, edota gure ingurukoak. Zoritxarrez, jarrera matxistak oso hedatuta daude gure gizartean. Hori izango dugu lan egiteko”.

Nondik datozen argi daukate, baita non dauden eta nora heldu nahi duten ere. “Talde hau herri mungimendutik aterata dago. Beraz, herri mugimenduaren parte da, eta, parekidetasuna lortzeko bidean, horren barnean egongo gara”. Bide horri, baina, ez diote bakarrik ekingo. Barakaldoko Argitan emakumeentzako aholku etxeako kideekin kontaktuan jartzeko asmoa daukate. Hasieran, laguntza eske. Aurrerago, elkarlanean aritzeko. Ezkerraldeko herrietako emakume taldeekin ere elkartuko dira. “Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta besteengandik asko ikasi ahal dugu”, agertu zuten.

Laister, talde berri honen aurkezpen ofiziala burutuko dute. Bitartean, lanean jarraituko dute. Datorren astean, oporrak aprobetxatuz, beste bilera bat egingo dute, eta, berriz ere, herriko emakume gazte guztiei bertaratzeko gonbitea luzatu zieten. “Gazteok garen heinean, guri eragiten dizkiguten erabakiak eskubide osoz erabaki ditzakegu, bai eta gizarte osoari eragiten dizkiotenetan ere”, adierazi zuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario