lunes, 30 de junio de 2014

LAN EGUN BERRIA

Igandeko asanbladan LAN EGUN berria proposatu zen, osteguna 3 hain zuzen. Ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izango da, Barakaldoko jaietako Gazte Eguna prestatzeko bilera baitago. Pasa den ostegunean bezala, lan taldeak eta hauen eginkizunak finkatu ditugu lanera etorriko den ororen hautua errazteko. Sei lan talde egongo dira guztira:


  • Margoketa taldea: aurreko partea txuriz birmargotu + atzeko partearen zati bat margotu.
  • Igeltserotza taldea: igeltsuaz kanpoko lorategia banku bihurtu.
  • Garbiketa taldea: obra-hondakinak kudeatu eta gaztetxetik atera.
  • Lizunaren aurkako taldea: atzeko parteko sabaia lixibaz garbitu.
  • Elektrizitate taldea: Komunari argia jarri.
  • Iturgintza taldea: sukaldeko pilak ura galtzen du, konpondu behar da.
Gogoratu: zure lana amaitzerakoan materiala ahalik eta txukunen eta bere lekuan utzi. 

Besterik gabe, hautatu zure taldea eta hator lanera!!


martes, 24 de junio de 2014

LAN EGUNA ETA LAN TALDEEN BANAKETA

Asteleheneko asanbladan LAN EGUN berri bat deitzea erabaki zen, osteguna 26 hain zuzen. Ordutegia, aurrekoetan bezala, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da eta honakoan lan taldeak eta hauen eginkizunak finkatu ditugu lanera etorriko den ororen hautua errazteko. Bost lan talde egongo dira guztira:
  • Margoketa taldea: arrosaz dagoen aurreko partea txuriz margotu.
  • Igeltserotza taldea: igeltsuaz atzeko partearen hormak lautu eta hezetasunaren iturri den zuloa konpondu.
  • Garbiketa taldea: obra-hondakinak kudeatu eta pilatuta dagoen metala saldu.
  • Mantentze-lan taldea: lekuz kanpo dagoen materiala biltegira eraman eta antolatu.
  • Lizunaren aurkako taldea: atzeko parteko sabaia lixibaz garbitu.
  • Elektrizitate taldea: Sukaldeko eta komuneko argia jarri.
Gogoratu: zure lana amaitzerakoan materiala ahalik eta txukunen eta bere lekuan utzi. 

Besterik gabe, hautatu zure taldea eta hator lanera!!





sábado, 21 de junio de 2014

ASANBLADA ALDAKETA

Gazte asanbladak zuazo-arteagabeitiako jaietan parte hartzen duelako, igande honetako asanblada egunez aldatu beharko dugu. Beraz, igande honetan izan ordez astelehenera pasatu beharko dugu.
Astelehena 23 17:30h kobazulo gaztetxea.


BULTZA GAZTE ANTOLAKUNTZA



lunes, 9 de junio de 2014

KOBAZULO GAZTETXEAREN KALEJIRA



Pasa den larunbatean Kobazulo gaztetxearen kalejira eta aurkezpena burutu genuen Barakaldoko kaletatik. Kalejira festa giroan eman zen: hankaluzeak egon ziren, karrito musikatua eta Gazte Asanbladaren bandera ugari. Ondoren, Botxoko plazan Asanbladako kide batek hitz batzuk bota zituen gazteria guztiari proiektuan parte hartzeko gonbitea luzatuz.

Amaitzean, gaztetxea ikusteko etorri zen jende guztiak zerbait jateko eta edateko aukera izan zuen. Hemendik aurrera bultzada emango diogu Kobazulo gaztetxeari Barakaldoko jendea elkartzeko gune bilakatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da denon arteko elkarlana bultzatzea Kobazulo atondu eta ideiaz betetzeko. Hori lortzeko intentzioarekin bi deialdi zabaltzen ditugu gaztetxearen proietuan interesa duen orok parte hartu dezan:

LAN EGUNA: EKAINAK 11, ASTEAZKENA, GOIZEKO 10ETATIK AURRERA.
ASANBLADA BEREZIA: EKAINAK 15, IGANDEA, ARRATSALDEKO 5 TA ERDITAN



GORA KOBAZULO GAZTETXEA!!





EZKERRALDEA MARTXAN



Larunbat honetan ezkerraldeko martxa burutuko da, murrizketak, gastu militarra eta egungo egoera sozioekonomikoa salatuko dituena. Aurtengo martxa Santurtziko parketik aterako da eta Sestaoko Kasko plazan amaituko da. Barakaldoko Gazte Asanbladak deia luzatu nahi dio Barakaldoko gazteria guztiari, langabezia eta murrizketen aurka, gastu militarrik ez lemapean antolatutako martxan parte hartzeko. Gazte altxa eta batu zaitez martxara, guztion artean lortuko dugu sistema bidegabe honen zutabeak apurtzea.

Larunbatak 14, Santurtziko parkean 12tan.

BULTZA GAZTE ANTOLAKUNTZA!!


Oharra:

CONTRA EL PARO y LOS RECORTES SOCIALES, GASTU MILITARRIK EZ!
MARCHA POR EZKERRALDEAn IBILALDIA

Ezkerraldea da egungo krisi ekonomikoak gehien jotzen dituen eskualdetariko bat. Egunero kaleratzen dituzte langileak, Enplegu-erregulazioko Espedienteak ditugu eskualdeko enpresa txiki, ertain eta nagusietan. Horretaz gain, zerbitzu-sektorearen egoera dugu: Megapark eta Ballontiko Merkataritza Guneetako kaleratzeak; eta saltegi txikiak hamarnaka ixtea.

Eskualde guztiak kontuan hartuta, Ezkerraldeak du langabezia tasa handiena: osorik hartuta biztanleria aktiboaren %23 lanik gabe daude, 23.000 lagun. Gainera, biztanleen %8k pobrezia latza jasaten dute; eta %40k arazoak ditutze hil bukaerara iristeko. Era berean, 487 familia kaleratu dituzte etxetik 2013.urtean (9 astean), Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren arabera.

Erakundeek, eskualdeko udalek nagusiki, langileei zein biztanle guztiei dagozkien lan eskubide eta eskubide sozialak gutxitzeko neurriak bultzatu dituzte. Zoritxarrez, murrizketa horiek krisiak jotako milaka familia edo/eta lagunen bizi baldintzak larriagotzea baino ez dakarte.

Gizarte eta lan arloan murrizketak egiten diren bitartean, ikusten dugu zer-nolako diru-xahutzea dakarren gastu militarrak: 14.003 milioi euro, 2013.urte honetarako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei esleitu dizkietenak; horietatik, kupoaren bidez, 905 milioi ateratzen dira EAEtik.

Hori ikusita, egungo krisi ekonomikoaren ondorioak jasatzen ditugunok -eta haren erantzuleak ez garenok- kalera irtengo gara, alde batetik, eskualdeko enpresetako langabezia egoerak, kaleratzeak eta EEak (ERE) salatzeko; etxe-kaleratzeak eta gizarte babesean izandako murrizketak salatzeko... Eta bestetik, dagozkigun Eskubide Sozialen eta duintasunaren alde egiteko, enpresari, bankari eta politikari ustelen aurrean.

Laburbiltzeko, ekimen hau gure eskualdeak jasaten duen gizarte haustura larria salatzeko sortu da, hain zuzen ere, langabezia-indize kezkagarriak, lan prekarietate handia, pobrezia egoerak  eta etxe-kaleratzeak ugariagoak direla-eta dugun gizarte haustura; gizarte arloan murrizketak salatzeko: udal gizarte-zerbitzuetan, gizarte-prestazioetan eta zaharrentzako laguntzetan.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, dei egiten diegu Ezkerraldeko bizialgun guztiei parte hartzeko datorren larunbatean, ekainaren 14an, “Santurtzitik Sestaorako Ezkerraldearen aldeko Martxa” mobilizazio jendetsua izan dadin; Santurtziko parketik abiatuko da eguerdiko 12etan. Aurten, gainera, bere hogeigarren urteurrena ospatzen da.

EZKERRALDEKO LANGABETUEN BATZARRAK ETA KOLEKTIBO SOZIALAK:

Andere Bidatz Talde Feminista, Ezkerraldeko eta Mehatzaldeko Langabetuen Asanblada, Asanblada  Anti-Desarrollista, Barakaldoko Gazte Asanblada, Berri-Otxoak (Barakaldo), “Argitan” Emakumeentzako Aholkuritza (Barakaldo) y “Neba-Neba” (Sestao), Sestaoko Langabeak, KAKITZAT, “La Kelo” Gaztetxea (Santurtzi), Pentsionistak Martxan, Portugalete Eraikitzen, Santurtziko Herri Komitea, Txirbilenea Kulturgunea (Sestao).

SINDIKATUAK:

ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, y CNT




miércoles, 4 de junio de 2014

HERRI BAT GAZTETXE BAT



HERRI BAT GAZTETXE BAT

Okupazioa bide dugu, hori da Barakaldoko gazteoi gelditzen zaigun aukera bakarra.
Behin ta berriz aditzera eman dugu aurrean aurkezten zaigun errealitateak gure ametsak itotzen dituela, bere espekulazio eta ustelkeriarekin.

Sistemak, bere burua zilegitzat hartzeko, lege eta arauak sortzen ditu, baina, nahiz ta mezu horrekin aho beteriko diskurtso ponpoxoak bota, gazteon egunerokotasuna guztiz kontrakoa da, non dagozkigun ustezko eskubide horiek ukatuak ditugun: etxebizitza eskubidea ikusezina da, lan duina utopia bat bezala planteatzen zaigu eta edozein aisialdi ekintza diru xahuketa bat da.

Baina, honen aurrean gazteok ez daukagu inolako asmorik beso gurutzaturik gelditzeko, gure baitan neurriezina den gazte indarra daukagulako eta horrek mundu berri eta zuzen batekin amestera eramaten gaituelako.

Argi eta garbi ozen oihukatu nahi dugu ez garela euren kontsumismo edo jai ereduarekin asetzen ezta euren kudeaketa sozioekonomikoarekin bat etortzen. Sistema kapitalista honen oinarri diren zutabeak herdoilduta daude, eta goitik behera berreraikiak izan behar dira, egungo egoera irauliz.

Gure helburuen bidean, espazio aske baten beharra ezinbestekotzat jotzen dugu eta hona hemen okupaturiko gaztetxe berria, zein gazte ametsen eta antolakuntzaren sustatzaile bilakatuko da.
Ekintza honek funtzio bikoitza dauka, batetik asanbladak sistema kapitalistaren dogma handienetariko bat kolokan jarri nahi izan du, jabetza pribatua, hain zuzen, zeinek lokal abandonatuak hautsa pilatzen jarraitzea bermatzen duen, gazteok kale gorrian eta gune askerik gabe gauden bitartean. Eta bestetik, gazte antolakuntzaren eta autonomiaren gunea bilakatzea, non kritikotasuna eta aisialdi alternatiboa garatuko dugun guztion artean.

Hortaz, dagokiguna eskuratuz eta gure eskubideak aldarrikatuz, Barakaldoko gazte asanbladak, bere 8. Urteurrenean, herriko gazteriari honako espazio hau eskaintzen dio, guztion artean, autogestioaz eta arduraz, mundu berriaren haziak landatu ditzagun.

Honen bidean, azpimarratu nahi dugu asanbladak irekiak eta anitzak direla, eta gaztetxea gazteriaren ahotsa izan nahi duen heinean, ahalik eta gazte gehien parte hartzea berebiziko garrantzia daukala, gazteok gure baitan ditugun kolore ezberdinez bertako hormak margotu ditzagun.

AURRERA GAZTEAK! GARAIPENERA!

BORROKA DUGU BIDE TA AMETSAK HELBURU!

GORA BARAKALDOKO GAZTERI ERREBELDE ETA KRITIKOA!

GORA BARAKALDOKO GAZTE ASANBLADA!



lunes, 2 de junio de 2014

BARAKALDO KEXU DA


Barakaldo kexu da. Barakaldoko herritarrok kexu gara. Barakaldoko estatuek kexu horiek entzun eta herritar xumeon sufrimendua ikusten dute. Baina, ez daukate ahotsik eta ezinezkoa zaie gurekiko elkartasuna adieraztea. Hortaz, arazo honi irtenbidea bilatzeko asmoarekin estatuei ahotsa irudikatu diegu, irudimenaz baliatuz. Modu honetan, sistemak eta honen kudeatzaileek eragindako bidegabekeriak jasaten dituzten herritarrak bakarrik ez daudela ohartuko dira, eta injustizien berri izan ez dutenek loalditik iratzarriko dioten ahotsa ‘ikusteko’ aukera izango dute.

Hortik aurrera, ahotsak batzearen aldeko apustua egiten dugu Barakaldoko Gazte Asanbladatik, bidegabekerien oinarri den kapitalismoaren zutabeak txikituko dituen garrasi bilakatu arte.